Ir a GT Profesional

 Ir a inicio AVPAP-EHLMPE

Lehen Mailako Arretako Pediatria Enplegu Publikorako Eskaintzaz Gastelaniaz

 

Osakidetzak 2006an egindako Lan-eskaintza Publikoaren azken deialdian, ebazteko dagoena, lau faktore ezarri dira lehen mailako arretan haurrak hartuko dituzten pediatrak aukeratzeko. Honako faktore hauek dira: lan-eskarmentua, etengabeko prestakuntza, espezialitatearen ezaguera-maila (azterketa bidez neurtutakoa) eta euskara-ezagutza.

Deitutako plaza guztietan baloratu da euskara merezimendu gisa (37 plaza) hizkuntza eskakizuna izan ala ez, eta plaza-kopuruaren erdia baino gehiagotan derrigorrezko betebeharra izan da (PL2). Kontua da hamaika pediatrek, azterketan ateratako emaitzagatik, lan-eskarmentuagatik eta aldez aurreko prestakuntzagatik, plaza bat eskuratzeko aukera-postuetan zeudenak, ez dutela posturik lortu 2.hizkuntza eskakizuna egiaztatu ez dutelako. Beste pediatra batzuei emango zaizkie, aurrez aipatutako hamaika horiek baino puntuazio gutxiago zutenak, baina 2.hizkuntza eskakizun egiaztatu dutenak.

Inork ez du eztabaidatzen osasun-arreta Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko familiek duten eskubidea. Are gutxiago pediatriaren eremuan, non azken urteotan, bai pediatrek nola Administrazioak esfortzu handia egin duten euskarazko osasun-arreta egi bihur dadin. Egia esan, asko dira kontsultan euskaraz lan egiten duten pediatrak nahiz eta 2.hizkuntza eskakizuna lortu ez duten, euskaldun zahar ez-alfabetatuak direlako batzuk eta euskara ikasten aritu arren, azterketa gainditu ez dutelako beste batzuk. 2.hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko azken deialdian, aurkeztu zirenetatik %7ak bakarrik lortu zuen, eta horrek hausnarketa behar du. Beharrezkoa al da indarrean dagoen 2 HE lehen mailako arretako pediatrian lan egiteko? Arreta euskaraz jasotzen duten familiek ba al dute 2 HEren pareko euskara-mailarik? Ba al du arrazoirik arreta-errealitatea eta ikasketa-eskakizunaren arteko disparekotasunak? Ponderazio egokia du euskarak merezimendu gisa eskatzen denean, derrigorrezkoa ez den plazetarako batik bat?

Gure ustez, euskarako ikasketa-eskakizuneko maila horrek ez dio mesederik egiten gure hizkuntza ezartzeko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sustatzen duen politikari. Zalantzarik gabe, ondo prestatutako eta lan-eskarmentua duten pediatrak kontratatu eta egonkortzeko mugak jartzen ditu, pediatra gutxi dagoen testuinguruan. Gainera, hizkuntz eskakizuna egiaztatu gabeko plaza duten pediatrek ezin dute Erkidego barruan mugitu, ez du ezertarako balio lan-eskarmentuak, merezimendu zientifikoak eta egindako lanak (erabiltzaileek ondo baloratzen dutena), eta horrek desmotibatu egin dezake hainbat profesional.

Azken urteotan izan dituen arazo larrienetako baten aurrean dago gaur egun Osasun-sistema. Medikuak falta dira, pediatrak bereziki, eta datozen urteetan areagotu egingo da arazoa eta ezin dugu inolako profesionalik galtzeko zirrikiturik utzi. Gainera, bi plaza batera edukitzeko aukerak, ospitalean bata eta lehen mailako arretan bestea, edo bi erkidegotan lehen mailako arretan bi edukitzeak, eta bitarteko izaeradun pediatrekin estali behar izateak, zaildu egiten du pediatrak sistemarekiko leialtzea.

Euskal Herriko Lehen Mailako Pediatria Elkarteak, Euskal Herriko Pediatri Elkartearen laguntzarekin, gure elkartasuna adierazi nahi diegu eragindako hamaika pediatrei eta Osakidetzari eskatzen diogu, modu batera langile finkotzat jotzeko, datozen deialdietarako egin izan diren akatsak konpontzeko, hori guztia, gure Erkidegoko haurrei pediatria-arreta pediatrek eman diezaieten.

Ekainak 2008